XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kamarada estimagarria eta, zilegi bekit tratamendu hau, nire kolega, irakurri nion Klarari bozgora.

Barka ezazu, otoi, zerorrekin behin ere mintzatu ez naizen honek honako gutuna idaztea.

Honekin batera doan artikulua irakurtzeko mesedea erregutu asmoz zuzentzen natzaizu.

Ez zaitut ezagutzen, baina bai estimatzen, ordea, zure aburu, hausnarketa eta ondorioek harriduraz bete bainaute: hain datoz bat neure ikerketen emaitzekin non arras ikaraturik gelditu naizen, eta jarraian, nire obraren bikaintasunaren aldeko laudorio soil batez geroztik, eskaera bat zetorren: "Arte plastikoen pentsamendua" aldizkarirako haren artikuluari buruzko txostena, balorapena, ez ote nuen idatziko, zeren aldizkari horretakoek urte erdi baino gehiago errefusatu baitzioten artikulua, batere estimatu gabe.

Nire iritzia erabakitzailea izango zela esan ziotela eta, idazle gisa zuen esperantza bakar bihurturik nintzen, iluntasun ikaragarrian zeukan argitxo bakar.

Barre egin genion luze Záturecky jaunari, zeinaren deitura ponpoxoak liluratu egiten baikintuen; baina krudelkeriarik gabe egin genion barre, zeren zuzentzen zidan laudorioak, batipat pattar botila bikainarekin nahasian, bigundu egiten baininduen.

Bigundu, bai, eta halako moldez non lipar ahaztezin haietan mundu guztia maite izan bainuen.

Jakina, mundu guztitik Klara nuen maiteen, nire aurrean eserita egote soilagatik behinik behin, gainontzeko mundua Vrsovitse auzoko nire ganbarako hormen atzean ezkutatzen zitzaidan bitartean.